XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal kazetaria besterik ez denerako da askotan.

Are okerrago, itzulpen-errota bilakatu da, euskalduntzeko eta alfabetatzeko ahaleginik egiten ez duten agintari, politikari, sindikalista, kirolari, artista, irakasle eta abarren jokabide alferra eta zabarra zuritzen eta zarpeatzen duen norbait.

Euskal gizarteak, umezurtz, larrugorri, ditirik eta janaririk gabe utzi du euskal kazetaria.

Are okerrago, erdalduntze-prozesura darama, erdaraz bakarrik bazkatzen duelako.

Abertzaleen esku diren komunikabide elebidunek berek ere, erdal kazetari bihurtzen ditu ahalegintxo batekin euskaraz ere jarduteko gauza izango liratekeen gazteak.

Jatorriz, lagunartez eta eskolaz erdara berezkoagoa duen kazetari gazteak berak ere errazago jotzen bait du gaztelaniara.

Euskararen alde dauden komunikabideek, beraz, euskara era duinean erabiltzeko plangintza bat egin beharko lukete, kazetari elebidunek euskaraz ere trebatzeko aukera, laguntza eta bultzada izan ditzaten.

ZERBITZARI-IZAERA BEHARREZKOA. Zenbat eta entzule, ikusle edo irakurle gehiago dituen batek orduan eta kazetariago jotzen du bere burua kazetariak.

Baina kazetaritzan, kontalari-izaera bezain garrantzitsua da zerbitzari-izaera.

Zerbitzari-izaerarik gabe, kontakatilukerietan, arinkerietan, jauntxokerietan eta setakerietan narrazteko arriskua du kazetariak.

Talde txiki bati begira diharduen kazetariak, ordea, bizipozez irauteko ere beharrezkoa du zerbitzari-izaera.

Euskal kazetariak, gutxi batzuen, baztertuen eta behartsuen aldeko apusturik egiten ez badu, nekez eutsiko dio ilusioari.

Euskaldungo multzo txikia zerbitzatzeko eta gero eta hobeto zerbitzatzeko gogoa eta erabakia hartu behar du euskal kazetariak, nere ustez, irautea nahi baldin badu.

Herrigintzan eta euskalgintzan dihardutenen artean bere burua kokatzen ez duen euskal kazetariak ezin eutsiko dio etsipenari edo erdarara pasatzeko tentazioari.

Eginkizun haundi bat betetzen ari den usteak eta pozak eutsiko dio irmo bere bidean eta lanean.

Euskaldungoa gozatzea, euskara sendotzea, hobetzea eta normaltzea eginkizun haundiak dira aberrigintzan, arlo desberdinetan helburu berdinaz dihardutenen elkartasuna sumatzen bada, behintzat.

Gogo eta asmo horrekin bizi dena bakarrik saiatuko da luzaroan bere lana txukun egiten, euskaraz ari delako inori ez bait zaio zabar eta erdipurdika bere lana egiteko baimenik eta buldarik eman behar.

Euskal kazetaritzan militantismo haundia behar da, ikus-entzule-irakurle apurrentzat gero eta gogotsuago eta hobeto lan egiteko.

Baina guzti hori gutxik gaindituko dute bakarka, kazetari taldearen eta gizartearen babesik gabe.